Kooperatibismoaren balioak eta printzipioak berresten

By 0
Kooperatibismoaren balioak eta printzipioak berresten

Mitxelenan izaera kooperatibista dugu, eta horren inguruko balioak eta printzipioak berresteko lanetan ari gara azken hilabeteotan. GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutuarekin elkarlanean, bi formazio-saio egin ditugu.

Lehen saioan, Aitor Bengoetxearen eskutik, Mitxelena kooperatiben testuinguruan kokatzen saiatu gara. Kooperatiba bat zer den, nola sortu ziren, zer beharri erantzuten dieten… Zein den kooperatiba ororen mamia, azken finean. Helburua da Mitxelenako kooperatibistak konturatzea ez daudela Eziago Poligonoko irla batean, eta mundu mailako mugimendu kooperatiboaren kide direla.

Bigarren saioan, Enekoitz Etxezarretak ekonomia sozialaren eta ekonomia solidarioaren esparruan kokatu zituen kooperatibak, eta ekonomiaren bi alderdi horietan kokatu gintuen gu ere. Ekonomia sozialak planteatzen du aktibitate ekonomikoa pertsonen beharrei erantzutera bideratu behar dela, pertsonak oinarri eta pertsonak helburu. Eta kooperatibek bat egiten dute filosofia horrekin.

Formazio hori landu dugu ulertzen dugulako beharrezkoa dela kooperatibistentzat, ez baitago beste modurik erabakiak hartu ahal izateko, informazioa bezain garrantzitsua baita formazioa.

Eta, bestetik, testuinguruan kokatzeko balio digu; izan ere, duela hilabete batzuk estatutuak eta barne-araudia berrikusteko prozesua hasi genuen, orain azaleratzen ari garena. Mitxelenaren estatutuak eta barne-araudia 2000. urtean eratu ziren, kooperatibarekin batera, eta geroztik ez da eztabaidarik izan haien gainean. Hori dela eta, uste dugu beharrezkoa dela haiek gaur egungo errealitatera egokitzea.

Prozesu horretan, FARAPI elkarteko lagunak ari zaizkigu laguntzen: antropologia sozialean espezializatutako adituak dira. Metodo partizipatiboen bitartez, denon artean hausnartzeko txoko bat eratu dugu. Jada, hiru eztabaida-fase egin ditugu, eta aurreikusten dugu 2022ko udazkenerako prozesua burutua izango dugula. Estatutu eta barne-araudi berriek 30 langileetatik 27 kooperatibisten ikuspuntuak bilduko dituzte.