FAGOR Arrasatek 2017ko hornitzaile onenaren saria eman dio Mitxelenari

By 0
FAGOR Arrasatek 2017ko hornitzaile onenaren saria eman dio Mitxelenari

Urteko hornitzaile onena aitortzeko ekitaldian, MITXELENAREN kalitate-bikaintasuna, entrega-epeak betetzea eta lehiakortasuna azpimarratu ditu Fagor Arrasatek. Aspalditik, harreman profesional oso hurbila dugu Fagor Arrasaterekin —800 langile baino gehiago ditu kooperatibak, eta nazioarteko merkatuan aurre-aurrean dago—. Horregatik, oso pozik hartu dugu aitortza hori.

2017an MITXELENAk lortutako kalitate-bikaintasuna, entrega-epeak betetzea eta lehiakortasuna aitortzen ditu sari horrek. FAGOR ARRASATE S. Coop.-entzat lehentasunezkoa da hornitzaileek lan ona egitea, eta enpresari garatzen eta hazten laguntzea. Horri esker, punta-puntan jarri da, mundu mailan, deformazio bidezko makina-erremintaren arloan, eta, bereziki, arlo hauetan: prentsa mekaniko eta hidraulikoak, ebaketa-lineak, metalen prozesuak eta txapazko pieza konplexuak fabrikatzeko sistema bereziak.

Fagor Arrasate 

Harreman horren erakusgarri gisa, Mitxelena kooperatibaren sortzaileetako batek jaso zuen saria: Jose Antonio Garcia erretiratu berriak. Kooperatibak sektorean duen 50 urtetik gorako esperientzia azpimarratu zuten Fagor Arrasateko bazkideek; Jose Antonio Garcia esperientzia horren eredu argia da. Ekitaldian izan zen Ibon Aristizabal ere, Mitxelenako erosketa eta produktu-garapeneko arduraduna.

Mitxelenaren nortasun-ikurretako bat da bezeroari tratu pertsonalizatua ematea eta, horrekin loturik, produktu bakar eta pertsonalizatuak garatzea. Horrexegatik, oso harro sentitzen gara gure lana eta kalitatea aitortu direlako. Gainera, saria arlo kooperatibotik datorrela kontuan izanda, uste dugu gure balioak indartzen dituela.